LIGA VASCA FEMENINA - JORNADA 16

Hernani - 0



Beasain - 0




PARTIDOS 2014-2015




01 de Febrero de 2015 - hernanikoneskenfutboltaldea.wordpress.com

 

Golik gabeko derbi gipuzkoarra Zubipen

 

Uretatik pasatako partida izan da Hernani eta Beasaingo taldeek 16.jardunaldian jokatu dutena. Derbiak beti dira bereziak, eta bi taldeen egoera ikusita hiru puntuak lortzea oso garrantzitsua zen. Hala ere, ez da golik ikusi Zubipeko zelaian, eta beraz markagailua 0-0 gelditu da. Argazkia: Maddi Aldasoro

 

Zelaiaren egoerak jokoa zaildu

 

Arratsaldeko 6:30ak, urtarrilak 31a, euria goitik behera eta Zubipeko zelaia urez gainezka. Hala ere, zelaiara gogotsu egin dute salto bi taldeko jokalariek. Egoera klimatologiko zailak ez ditu futbolariak kikildu eta partida irabazteko ahaleginak egiteari ekin diote. Euriak ez du eten partida osoan zehar eta horrek futbol erakustaldia asko zaildu du, hala ere aipatzekoa da jokalari guztien kemena.

 

Txuriberdeak nagusi lehenengo minututik

 

Nahiz eta ikustera ohituta gauden futbola egitea ezinezkoa izan, Andoni Loranen neskek bere egin dute baloiaren jabetza. Hernaniko jokalariek ideiak argi zituzten, zelai erditik jokatzea oso zaila zenez, atzean inolako arriskurik hartu gabe, hegalak aprobetxatu behar zituzten. Eta horretan aritu dira partida osoan zehar. Hala ere, nahiz eta baloia txuriberdeena izan, lehenengo zatian ez dute gol aukera garbirik izan. Markagailuan aurreratzeko aukera izan dute etxekoek, baina ez da txuriberdeen jokaldi baten ondorioa izan. Naiara Aldasoro Beasaingo atezainak, bere taldekide baten pase arriskutsua era bikainean geldirarazi du.

 

Beasaingo neskak baloi luzeez baliatu dira

 

Bigarren zatia, lehenengoaren tankera berberekoa izan da. Txuriberdeak izan dira nagusi, baina gol aukera garbiena goierritarrena izan da. Txuriurdinak, baloia atzelariengana iristen zenean, pase luzeez baliatu dira Hernaniko nesken zelaira iristeko. Hori horrela, bigarren zatiaren erdialdean, Janire Lopez beasaingo jokalariak markagailua estreinatzeko aukera izan du. Andoni Loranen neskak ez dira kikildu eta bere horretan aritu dira jokaldi horren ostean. Txuriberdeen arrisku aukerak korner bidez heldu dira. Izan ere hegaletako jokaldiez baliatuz, korner ugari lortu ahal izan dituzte etxekoek. Partidako azkeneko jokaldia txuriberdeen aldeko korner bat izan da hain zuzen ere, baina hernaniarrak ez dira Naiararen atea zulatzeko gai izan eta markagailua 0-0 gelditu da.

 

Berdinketa gazi gozoa

 

Egindako lan ikusgarriaren emaitza gisa, puntu banaketari sentsazio gazi gozoa hartu diote Hernaniko neskek. Zelaiaren egoerak, ohiko futbola egitea zaildu die, baina Andoni Loranen neskek erakutsi dute errekutso ugari dituztela eta egoera zailei aurre egiteko gai direla. Datorren astean, ez da jardunaldirik egongo, beraz hemendik bi asteetara helduko diote hernaniarrek txapelketari indarberriturik. 17.jardunaldian beste derbi gipuzkoar bati aurre egin beharko diote, Zarautzen aurka.

 

Hernani K.E: Maialen Agirre, Mara Aldasoro (61´Olatz Jaka), Maddi Ormazabal (78´ Mireia Becerra), Katia Ludwig (73´ Leire Olasagasti), Andrea Isasa, Miren Unzueta, Iraide Pejenaute (58´ Ane Ludwig), June Muxika, Mara Munduate (67´ Uxue Rekondo), Maitane Arribas eta Irati Altuna.


Maddi Aldasoro Argazkiak


01 de Febrero de 2015 - beasaingoneskak.wordpress.com

 

Berdinketa Zubipen, joko gutxi eta euria nagusi

 

Eguraldiak lagundu ez bazuen ere, partida bertan behera gelditzeko adina euri ez zuen egin, baina bai zelaia putzuz josi. Baloia lekuan gelditzen zen pase bat egin nahi izanez gero, eta arrazoi horrexegatik ez zen joko handirik ikusi. Hala ere, zelaiaren baldintzei eurre egin zieten bi taldeek eta ahaleginak egin zituzten hiru puntuak lortzeko.

 

Lehen zatia hasi eta hernaniarrak baloia jokatuz atera nahi zuten. Hau ezinezkoa zela ikusirik, beren jokoa hegaletara zabaldu zuten baloi luzeekin. Beasaingo neskek hauek mozteko arazo gehiagirik ez zuten izan, baina baloiak hanketan denbora gutxi irauten zien. Hala ere pare bat alditan bota zuten etxekoen atera txuri-urdinek, baina zuzenean kanpora joan ziren. Hernaniarrek aldiz, arriskua kornerretan egin zuten, erremate argirik egon ez zen arren, oso itxiak jartzen baitzituzten.

 

Aldageletatik itzultzean, Koldo Zalduaren neskak sendo kokatu ziren gehienbat atzean, eta erditik aurrera baloiak ongi eusten zituzten, beraiei zegokienean. Etxekoek ordea pausu bat aurrera eginnahi izan zuten atzeko marra pixka bat aurreratuz, baina aukera handirik ere ez zuten lortu. Goierritarren aukerarik garbiena Janirek sortu zuen areaz kanpoko erremae batez baina ez zuen gola lortu. Hernaniko neskek ordea, lehen zatian bezala, kornerren bidez egin zuten arriskua baina hauek ere ez zuten markagailua mugitzerik lortu. Jokaldi eztabaidagarri bat ere egon zen hamar minutu faltan, etxekoek epaileari Beasaingo jokalari batek eskuaz eraman zuela area barruan kexatzen ziren. Hernaniarren bigarren entrenatzailea kanpora bota zuen epaileak jarri zen moduagatik eta ez zuen eskatzen zuten inongo penaltirik ikusi.

 

Azken minutuak intentsitate handikoak izan ziren, hernaniarren atean egotetik, bi korner aurkan izatera iritsi baitziren. Batean Naiara atezainak atera zuen eta bestean gutxigatik joan zen kanpora. Gainera aipatzekoa da Leire Goya beasaindarrak  lepoan jasotako kolpea. Arnasik gabe gelditu zen une batez lurrean, baina zorionez minutu gutxira bere onean zen.

 

Hutsean beraz markagailua, bi taldeek taularen erdian jarraitzen dute beste astebetez. Hala ere joko gehiago egiteko gogoaz gelditu dira, baina baldintza meteorologikoek ez dute utzi nahi adina mugitzen baloia. Lehen itzuliko kronika eta argazkiak hemen eskuragarri.

 

Beasain: Naiara, Claudia, Miren, Izaro (Eider), Tania, Leire, Uxue (Ane Insausti), Ane Muruamendiaraz, Ainhoa, Garazi eta Janire.