LIGA VASCA FEMENINA - JORNADA 18

Hernani - 2



Barakaldo - 1




PARTIDOS 2014-2015



22 de Febrero de 2015 - hernanikoneskenfutboltaldea.wordpress.com


Sufritutako garaipena lortu du Hernanik Barakaldoren aurka

 

2-1 gailendu da talde txuriberdea txapelketako 18.jardunaldian. Hiru puntuak Zubipen mantentzea lortu du taldeak June Muxika eta Leire Olasagastiren golei esker. Bizkaitarren gola Marta Olmedilloren eskutik heldu da. Joaneko partidan bana berdindu zuten bi taldeek. Argazkia: Maddi Aldasoro

 

Lehenengo zatian, Hernani nagusi

 

Jardunaldirik gabeko bi astebukaera igaro ostean, gogotsu ekin diote berriro lehiaketari Hernaniko neskek. Futbolean jokatzeko gogoa zutela nabari zen harmailetatik. Hori horrela, epaileak partidari hasiera eman bezain laster, Andoni Loranen neskek bere egin dute partida. Barakaldo garaitzea oso garrantzitsua zen, sailkapenean gertu dagoen taldea baita, eta horretan ahalegindu dira lehenengo minututik.

 

June Muxikaren gola azkar

 

Talde bizkaitarra bere zelaian sartzea lortu dute hernaniarrek eta lan horren fruitua oso azkar jaso du etxeko taldeak. June Muxikak, 11. minutuan estreinatu du markagailua, area ertzetik jaurtitako falta bat zuzenean sartuz. Golak indar handia eman dio talde txuriberdeari eta bigarrenaren bila hasi dira gogotsu. Leire Olasagasti hernaniarra izan da 2-0ekoa jartzearen arduraduna, 30.minutuan. Barakaldo defentsa lanetan gogotsu aritu da, baina ez da gai izan gol aukera garbirik sortzeko lehenengo 45 minututetan.

 

Bigarren zatian, Barakaldo indarberrituta

 

Atsedenaldiaren ostean, talde bizkaitarra partida hankaz gora jartzeko asmoarekin irten da. Nahiz eta jokoa txuriberdeena izan, bizkaitarrak arrisku aukera gehiago sortzen hasi dira, eta apurka apurka etxeko taldeak indarra galdu du. Metxa jokalari bizkaitarrak, gol aukera garbia izan du bigarren zati honetan. Maialen atezaina gainditu ostean, Andrea Isasa atzelariak baloia gol-marratik atera du, harmailaren berotasuna jasoz.

 

2-1, urduritasuna etxekoen artean

 

70.minutuan, Marta Olmedillo bizkaitarrak 2-1ekoa jarri du markagailuan eta urduritasuna nagusitu da futbol zelaian. Barakaldok indarberrituta egin die aurre azken minutuei, eta horrek ezinegona sortu du txuriberdeen artean eta ikusleen artean. Hala ere, hernaniarrek ondo eutsi diote partidari eta gol erabakigarria sartzeko aukera ere izan dute. Hiru puntuak, beste aste batez Zubipen geratu dira.

 

Datorren astean, Gasteizko Neskak

 

Hiru puntu garrantzitsu lortu dituzte Andoni Loranen neskek, gertuko etsai baten aurka. Hori horrela, eta gaurko emaitzen zain, Hernani 8.postuan kokatzen da 21 punturekin. Hurrengo jardunaldian, Arabara bidaiatu beharko dute gipuzkoarrek, sailkapenaren hirugarren postuan aurkitzen den Gasteizko Neskaken aurka lehiatzeko.

 

 Hernani K.E: Maialen Agirre, Iraide Pejenaute, Miren Unzueta, Katia Ludwig, Andrea Isasa, Olatz Jaka, Leire Olasagasti (45´: Uxue Rekondo), Mara Munduate, Ane Ludwig (73´: Ane Ibarburu), June Muxika eta Maitane Arribas (62´: Amaia Irastorza).

 

Barakaldo C.F: Sandra de Leon, Marta Sanchez, Uxue Goitia, Meritxel Alonso, Maria M. Barrera, Alaitz Llada, Estitxu Lopez (77´: Melisa Haro), Marta Olmedillo, Ane M. Gallardo (45´: Cristina Llorente), Cristina Melguizo eta Yaiza Urdiales.

 

Golak: 1-0 (11´) June Muxika, 2-0 (30´) Leire Olasagasti, 2-1(70´) Marta Olmedillo.

Maddi Aldasoro Argazki albuma