LIGA VASCA FEMENINA - JORNADA 23

Hernani - 1



Tolosa - 1




PARTIDOS 2014-2015




29 de Marzo de 2015


Antxon Iglesias


Nabari zen ez zela nolanahiko neurketa, final giroa sumatu genuen Zubietara hurbildu ginenak. Derbi Gipuzkoarra Tolosara ekartzeko gogoa nabaritzen zen eta bide batez dinamika zail honi amaiera ematekoa, gauzak ondo egiteko gogoa.

 

Partida ezin hobeto hasi zen, 21. minutuan markagailua 0-1. Leirek urrutitik jaurtitako falta bat sare barruan bukatu zuen, tolosarrak aurretik eta sentsazio onak. Partidua alde genuen eta gauzak pixkanaka ateratzen ari ziren. Eguzkia ere berotzen hasi zen baina gauzak hoberen zeudela ematen zuen unean, kontrako korner batean hernanitarrak sartutako argi guztiak itzali zituen berriz ere. Kolpe gogorra, denboraldi honetan hain ezaguna zen sentsazioa azaldu zen beste behin. Baina tolosarrak amore eman beharrean burua altxa eta lanean jarraitu zuten, irabaztea ezin bestekoa bait zen kategoria aurrera ateratzeko. Azkeneko minutura arte aukerak izan zituzten eta beste momentu batean golak izango ziren aukerak kanpora edota atezainaren eskuetara joaten ziren. Antsietateak gure aurka jokatu zuen. Partidaren amaiera, 1-1.  Nahiz eta etxetik kanpo puntutxo bat lortu ez zen nahikoa.

 

Esatea zaila da, larunbateko partida ikusi ostean, baina ulergaitza egiten zait taldeak sailkapenean duen postua. Orain ez dago besterik, denak batera helburu berdinaren alde egin behar dugu. Errazena botila erdi hutsa ikustea da baina gure helburua denon artean botila hori betetzea izan behar du. Falta diren hiru partiduetan dena ematea besterik ez da geratzen eta denok batera aurrera ateratzeko gai garela sinetsi. Zaila da, ezinezkoa ez…

 

Entrenatzaile aldaketa egon da, azken hiru partiduetan, Imanol Cabero, Imanol Moyano eta Antxon Iglesiasek zuzenduko dute taldea.

 

Hurrengo partida apirilak 11 (larunbata), 16.30etan Berazubin, Leioako emakumeen kontra.

 

Zalegoaren animo guztiak beharko ditugu.

 

Golak: 0-1 Leire Lopetegi, 1-1 June Muxika.


----------------------


hernanikoneskenfutboltaldea.wordpress.com

 

Nahikoa ez den puntu banaketa Zubietan

 

23.Jardunaldiari hasiera eman dio Hernani eta Tolosa neurtu dituen derbi gipuzkoarrak. Denboraldia amaitzeko partida gutxi falta direnean, irabaztea premiazkoa zuten bi taldeek. Tolosarrak aurreratu dira markagailuan Leire Lopeteguiren golari esker. Berdinketaren gola June Muxika txuriberdeak lortu du lehenengo zatian. Berdinketa gazi gozoa talde gipuzkoarrentzat. Argazkia: Maddi Aldasoro.

 

Lehia bizia eta borrokatua

 

Derbiak beti dira bereziak, eta hori horrela jende ugari agertu da Zubietara Hernani eta Tolosaren aurkako partida gozatzeko asmoz. Giroan tentsioa nabaria zen, izan ere jokalariak helburu berberarekin egin dute salto zelaira: hiru puntuak lortuz, sailkapenean lasaitasuna lortzea. Oso norgehiagoka borrokatua izan da lehenengo minututik, bi taldeek beraien irudi hoberena eskaini dutelarik.

 

Golak lehenengo zatian

 

20.minutuan iritsi da Tolosaren gola, Leire Lopeteguiren eskutik. Golak, ez du partidaren hildoa aldatu eta jokalariak bere horretan aritu dira. Borroka bizia, baina beti ere errespetua gailenduz. Lehenengo zatian heldu da berdinketaren gola, June Muxikak jaurtitako korner bati esker. Markagailuak, zelaian ikusitakoa islatzen zuen.

 

Bigarren zatian, Tolosa berrindartuta

 

Atsedenaldiaren ostean, Tolosak indartsu ekin dio norgehiagokari. Lehenengo minutuak nahiko berdinduak izan badira ere, partidak aurrera egin ahala, tolosarrek baloiaren jabetza lortu dute. Azkeneko minutuak tentsioz beteak egon dira txuriberdeentzat. Tolosarrek gol aukera garbiez gozatu dute eta partida irabazteko aukera paregabeak izan dituzte. Maialen Agirre, Hernaniko atezainak egindako geldiketa ikusgarriek puntu banaketa ahalbidetu dute.

 

Datorren jardunaldian, Eibar

 

Aste santuaren ostean ekingo diote berriro txapelketari, eta Hernaniko neskek beste derbi gipuzkoar bati egin beharko diote aurre. Eibar, sailkapenaren lehenengo postuan kokatzen da eta bertan mantentzeko gogor borrokatuko dutela argi dute hernaniarrek. Baina, denboraldi honetan behin eta berriz erakutsi duten bezala, Andoni Loranen neskek talde boteretsuen aurka gogor lehiatzen dute. Gainera, txuriberdeentzat hiru puntuak lortzea oso garrantzitsua izango da, salbamena lehen bait lehen lortu nahi badute.

 

Hernani K.E.: Maialen Agirre, Mara Aldasoro (67´: Ane Ludwig), Maddi Ormazabal (86': Andrea Galan), Ane Ibarburu, Andrea Isasa (58´: Iraide Pejenaute), Mireia Becerra, Leire Juanes, Katia Ludwig (72´: Uxue Rekondo), Mara Munduate (64´: Enire Beain), June Muxika eta Irati Altuna.

 

Tolosa K.E.: Amaia Otamendi, Leire Lopetegui (58´: Izaro Garmendia, 73´: Cynthia Borrachero), Nora Amondarain (45´: Izaro Goenaga), Mireia Igartua, Elixabete Garmendia, Nerea Murua, Olaia Balda, Mireia Sarasola (58´: Aitziber Azpeitia), Aiora Galarza, Mar Luzuriaga eta Alazne Garmendia.

 

Golak: 0-1 Leire Lopetegui (20'), 1-1 June Muxika (32').

Javi Urola Argazkiak
Noski Sky Argazkiak

Gol directo de córner de la hernaniarra June Muxika - Noski Sky

Video resumen del partido - Noski Sky