liga vasca femenina - Jornada 25

Hernani - 2



Peña Athletic S. - 3




ULTIMOS PARTIDOS



19 de Abril de 2015 - hernanikoneskenfutboltaldea.wordpress.com

 

Peña Athletic-en aurka 2-3 galdu arren, Hernanik salbazioa lortu du

 

Tentsioz betetako partida izan da 25.jardunaldian jokatu dutena. Hiru puntuak lortzea oso garrantzitsua zen datorren urtean euskal ligan mantendu ahal izateko. Baina, bizkaitarrek Hernaniren akatsak aprobetxatu dituzte norgehiagoka irabazteko. Argazkia: Maddi Aldasoro

 

Golpe gogorra Hernanirentzat

 

Joaneko partidan, nahiz eta gipuzkoarrak nagusi izan, 2-1 galdu zuten Peña Athletic-en aurka. Txapelketa amaitzeko jardunaldi bakarra falta denean, oso garrantzitsua zen Hernaniko neskentzat hiru puntuak Zubietan mantentzea. Eta hori lortzeko asmoz ekin diote norgehiagokari. Baina, partida hasi eta 7 minutura, zelai erdian galdutako baloi baten ondorioz, bizkaitarrek 0-1ekoa jarri dute markagailuan. Golpe gogorra izan da etxekoentzat. Nahiz eta txuriberdeak nagusi izan diren, oso atzean jokatzen aritu dira eta ondorioz ez dute arrisku aukera handirik sortu. Oraindik ere lehenengo gola onartzen ari zirenean, 15.minutuan Hernaniko atzelariek beraien atean sartu dute bigarren gola. 0-2ko emaitzarekin heldu dira atsedenaldira.

 

Atsedenaldiaren ostean, etxekoak indartsu

 

Atsedenaldiak mesede egin die txuriberdeei, eta lehenengo zatian ez bezala, presio altua egiten aritu dira. Hernaniko lateralek oso ondo aprobetxatu dituzte hegalak, eta horrela arrisku aukera gehiago sortu dituzte. Hala ere, nahiz eta gol aukera garbiak izan, zoria ez dute aldeko izan Andoni Loranen neskek. Bestetik, bizkaitarrak 0-2ko aldearekin, lasai aritu dira eta ez dute jokaldi arriskutsurik sortu.

 

Azkeneko minutu zoroak

 

Partida amaitzeko minutu pare bat bakarrik falta zirenean, hankaz gora jarri da norgehiagoka. 88.minutuan, Andrea Isasa hernaniarrak 1-2koa jarri du penaltiz eta handik minutu batera, Maitane Arribasek falta jaurtiketa ikusgarri bati esker berdinketa lortu du. Harmailetan pozez gainezka zeuden, izan ere emaitza honekin, txuriberdeak salbatuta zeuden. Baina, azkeneko jokaldian, bizkaitarrek Hernaniko nesken huts batetaz baliatu eta behin betiko 2-3koa jarri dute. Harmaila mutu gelditu da.

 

Azkeneko jardunaldia, Lantaron

 

Hasierako ezustekoa pasa ostean eta beste taldeen emaitzei esker, Hernaniko neskek salbazioa lortu dute. Beraz, jardunaldi baten faltan Euskal Ligan mantentzea lortu dute. Hala ere, datorren astean gogor borrokatuko dute Lantaronen aurka irabazi eta txapelketari amaiera ezin hobea emateko.

 

Hernani K.E: Maialen Agirre, Mara Aldasoro (69´: Mireia Becerra), Maddi Ormazabal (73´: Ane Ibarburu), Katia Ludwig (56´: Irati Altuna), Andrea Isasa, Miren Unzueta, Iraide Pejenaute, Enire Beain (78´: Ane Ludwig), Mara Munduate (61´: Leire Iñarrairaegui), Maitane Arribas eta June Muxika

 

Peña Ath.Santurtzi C.F: Laura Juaristi, Miren Gil (72´: Maitane Castresana), June Ramos, Gurene Elorza, Sandra Lusa, Aitana Regalon (80´: Sara Mielgo), Maitane Garcia, Yaiza Imaz (66´: Amaiur Suarez), Marta La Fuente (54´: Raquel Aguirregabiria), Itsasne Cledera eta Laura Velez

 

Golak: 0-1, 7´: Sandra Lusa; 0-2, 15´: Andrea Isasa (p.p); 1-2, 88´: Andrea Isasa; 2-2, 89´: Maitane Arribas; 2-3, 89´: Sandra Lusa.

Maddi Aldasoro Argazki albuma
Peña Athletic Argazkiak