LIGA VASCA FEMENINA - JORNADA 3

Beasain - 5



Hernani - 2




PARTIDOS 2014-2015




19 de Octubre de 2014 - hernanikoneskenfutboltaldea.wordpress.com


Porrot mingarria Igartzan

 

5-2 galdu zuten atzo Hernaniko neskek, talde goierritarraren aurka jokatutako derbian. Talde txuri berdearen golak Leire Iñarrairaegi eta June Muxikaren eskutik etorri ziren, biak bigarren zatian. Argazkiak Javi eta Mar Urolaren eskutik.

 

Denboraldiko lehenengo derbi gipuzkoarra ikusteko, jende ugari gerturatu zen atzo Igartza futbol zelaira. Tentsioz betetako partida izan arren, joku aldetik ez zuten asko gozatu bertara gerturatu zirenek. Talde Beasaindarra izan zen garaile eta Andoni Loranen taldeak ezin izan zituen hiru puntuak etxera ekarri. Emaitza honekin eta oraindik partida guztiak jokatu ez direnean, Hernani seigarren postuan kokatzen da, 4 punturen jabe.

 

Lehenengo zatian joko gutxi

 

Derbi bat zela argi ikusi zen epaileak partidari hasiera eman zion unetik. Bi taldeek bazekiten irabaztea oso garrantzitsua zela eta horrek urduritasuna azaleratu zuen. Hernaniko Nesken ezinegona nabaria zen, eta ez ziren gai izan partida lasaitu eta beraien jokua ezartzeko. Etxeko taldearen gola oso azkar etorri zen, 12.minutuan hain zuzen ere. Garazi Merino, Urolako jokalari ordea, izan zen markagailua estreinatu zuena.  Partidak bere horretan jarraitu zuen, Hernaniko neskek ez zuten zelaian beraien lekua aurkitzen eta horretaz baliatu zen Beasaingo taldea. Hori horrela, 35.minutuan Leire Goyak 2-0ekoa jarri zuen markagailuan.

 

Atsedenaldiaren ostean, Hernani indartsu

 

Bigarren zatia indarberrituta hasi zuen talde hernaniarrak. Urduritasuna alde batera utzi eta ohi bezala jokatzen hasi ziren Andoni Loranen neskak. Leire Iñarrairaegik murriztu zuen 51.minutuan markagailuko aldea, eta 2-1koa ezarri zuen. Golaren ostean, bazirudien Hernanik partida hankaz gora jarriko zuela, baina horretarako astirik izan baino lehen Garazi Merinok 3-1ekoa jarri zuen. Partida guztiz erotu zen, eta hiru minutu beranduago June Muxikak, berriro murriztu zuen bi taldeen arteko tartea penaltiz sartutako gol bati esker.

 

Garazi Merinoren hirugarren golak, ametsa zapuztu

 

Hernaniko taldearen une hoberenak iritsi ziren June Muxikaren golaren ostean. Taldeak sinesten zuen, urduritasuna alde batera utzi zuen eta hiru puntuak lortzeko aukera gertuago zegoen. Baina, Beasaingo taldeak ez zuen etsi eta Garazi Merino jokalariak beste bi gol sartu zituen, markagailuan 5-2 ipiniz.

 

Derbia galdu, baina burua gora Zarautzi begira

 

Porrot mingarria izan arren, Hernaniko neskak jada urrengo asteko partidan dute burua. Taldeak ez zuen ohi bezala jokatu, baina guzti horrek hobetzeko balio behar du eta argi dago hori lortzeko lan handia egingo dutela Andoni Loranen neskek. Burua beti gora eta lanean jarraitu beharko du talde txuri berdeak, datorren astean Zarautz gaindu ahal izateko. Beste derbi gipuzkoar bat hurrengo jardunaldian.


Golak: 1-0 Garazi Merino, 2-0 Leire Goya , 2-1 Iñarra, 3-1 Garazi, 3-2- June Muxika, 4-2 Garazi Merino, 5-2 Garazi Merino.

 


19 de octubre de 2014 - beasaingoneskak.wordpress.com

 

Beasaingo neskek Hernaniko taldea menderatu zuten atzo Igartzan jokatu zen derbi gipuzkoarrean, 5-2ko emaitzaz. Etxekoek lehen zatian abantaila erosoa lortu zuten markagailuan. Hernaniko taldea ordea gogor atera zen bigarren zatian zelaira, baina goierritarrek sendotasuna erakutsi zuten, aurkariak gola egin arren erasotzen jarraituz.

 

Lehenengo zatian nagusi izan ziren Beasaingo neskak, aurkariaren erasoa ongi geldituz. Gainera hegaletako hutsuneak aprobetxatu zituzten eta erasorako gako bezala erabili zituzten. Hainbat aukera sortu zituzten etxekoek, eta 12. minuturako egin zuten lehen gola Garazi Merinoren eskutik. Beasaindarrak 1-0 markagailuan aurreratuta berdin jarraitu zuten lanean, eta hernaniarrak beren jokoak estutasunik sortzen ez zuela ikusita azkarregiko baloi luzeetara jo zuten. Honek ere ez zuen eragin handirik izan, eta lehen zatia amaitu aurretik aukera gehiago sortu zituen Beasaingo taldeak. Halako batean Iratiren erremate batek atezainari eman eta Leire Goyak eginiko bigarren jaurtiketa batean bigarrena egin zuten beasaindarrek.

 

Hernaniko taldea ordea, atsedenetik gogor zelairatzen den taldea da eta markagailuko aldea murriztu zuten 2-1ekoa eginez. Minutu ero samarrak izan ziren jarraian. Baina goierritarrek ez zien erreakziorako denborarik utzi, 11. Minutuan berriro ere Garazik gola egin zuen, 3-1. Hernaniarren jokaldi on batean, baloiaz arearaino sartu eta Miren Arrondo baloia kentzeko asmotan lurrera bota zen. Aurkaria ukitu ez arren, epaileak penaltia zela adierazi zuen eta horrela etorri zen Hernanikoen gola, 3-2. Hortik aurrera Beasaingoak izan ziren nagusi, kanpokoek besoak guztiz jaitsi ez bazituzten ere. 19. Minutuan, berriro ere Garazi nagusi, 4-2koa egin zuen markagailuko aldea handitzeko. Hernaniko taldea saiatu bazen ere ez zuten arrisku handirik egin, aurkariaren atera ailegatzekotan jokalari gutxirekin iristen baitziren. Azkenik Beasaingo nesken azken gola etorri zen, hau ere Garaziren eskutik, 5-2koamarkagailura igoz eta bere partidako laugarren gola sartuz.

 

Beasaingo neskek hiru puntu hauekin lasaitasuna hartzen dute, aurkari on bati aurre egin eta gaindituz. Beste aldetik, Beasaingo neskei zoriontzeaz gain, aipamen berezia egin behar zaio Garazi Merinori, berak esan bezala ez baitira egunero sartzen 4 gol.

 

Bi garaipen hauekin taldea seguruago dago eta datorren asteko partidara begira jartzeko prest. Leioako Emakumeak izango dituzte aurkari, igo berri den taldea baina punturik galdu ez duena oraindik.

 

Beasain: Naiara, Eider, Miren (60’Tania), Izaro, Ane Muruamendiaraz, Irantzu, Leire (69’Janire), Garazi, Uxue, Ainhoa eta Irati (82’Ane).

 

Golak: 1-0 Garazi Merino, 2-0 Leire Goya , 2-1 Iñarra, 3-1 Garazi, 3-2- June Muxika, 4-2 Garazi Merino, 5-2 Garazi Merino.